XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goraxeago esan bezala, Louis-Lucien Bonaparte, Willen Jan van Eys eta Julien Vinson dira polemika honetako eskuhartzaile nagusiak.

Guztiarekin ere, hauekin batera Achille Luchaire sartu beharra dago, gehienetan bigarren eskuko informazioa badarabil ere, aurrekoen lanen laburpen zehatza eta kritika zorrotza burutzen baititu.

Beraz, lau autore hauen esanetara mugatuko naiz batik bat, baina ez ditut aipatzeke utzi nahi eztabaida hauetan aldez edo moldez parte hartu zuen besteen izenak, zerrenda halabeharrez osagabe geratu arren: A. Bumell, Arturo Campión, Hyacinthe de Charencey, Jean Duvoisin, Manuel Gorostidi, Abel Hovelacque eta Inchauspe kalonjea.

Eztabaidagaiak zenbait ataletan banatu ditut: lehenbizi, gramatika konparatuaren eragina, batez ere Schleicher-en teoriek Vinsonengan izan zutena, aztertu dut; bigarrenik, polemikan parte hartu zuten autoreek zientzia berriari hizkuntzalaritzari eta beronen metodoari buruz zituzten jarrera ezberdinak bereizi; hirugarrenik, autoreok euskararen eta munduko beste hainbat hizkuntzaren artean burututako erkaketak aipatu eta irazkindu; bukatzeko, iberismoaren arazoaz, euskararen bizitzari buruzko eritziez eta euskalkien auziaz esan zituztenak jaso.

1. Europako hizkuntzalaritzaren eragina

1.1. Polemika hasten den garaian Europako hizkuntzalaritzaren joera nagusia ez dakit teoria deitzea zilegi ote den gramatika konparatua dugu, 1870.az geroztik neogramatikoen eta besteren lan hasi berriek finkatuko duten historiazko ardurak hobeturik (cf. Mounin, 1983: 184 hh.).

Labur esanda, gramatika konparatuaren helburua hizkuntzen arteko antzekotasunak erkatu eta beraien arteko ahaidetasuna aztertzea da, hizkuntz familiak osatzen saiatuz.

Gramatika konparatuaren ekarpenik garrantzitsuena hauxe da: hizkuntzen arteko ahaidetasuna ezagutzeko, hizkuntza horien gramatikak, ez hiztegiak soilik, erkatu behar direla berrestea 2 Ideia hau lehenagokoa bada ere Ludolf, Lhuyd, Gyármathi, W. Jones, etab. (cf. Mounin, 1983: 166-168), gramatika konparatuak zabaldu eta metodo jakin baten menpean bideratu zuen..

Konparatismoak, metodo konparatiboak natur zientzietan erdietsi zuen arrakastarik handiena.

Hortaz, gramatikariek metodo hori bereganatzean, zientzia hauen kontzeptuen eragin ukaezina nabarituko zen.

Izan ere, XIX. mende osoan hizkuntzari lotuen zaion hitza organismoa da; hizkuntza izaki bizia bailitzan ulertzen da (cf. Mounin, 1983: 166) 3. Gure artean, adibidez, Unamuno gazteak ere onartu zuen gizahizkuntzaren ulerkera hau: Todo idioma es un organismo y un organismo que pasa en su desarrollo por tres momentos o fases, que los lingûístas llaman monosilabismo, aglutinación y flexión. (1884: 104-105).

Alabaina, ez da aurreko garaietako ideiekin erabateko etenik gertatzen, Alemaniako Erromantizismoarekin esaterako.

Gramatika konparatuaren aitatzat jo izan den F. Boppek oraino sinesten zuen sanskritoaren bidez jatorrizko hizkuntzara (Ursprache-ra) iritsi ahal zela, gizahizkuntzaren lehen hitzak, lehen erro monosilabikoak bila zitezkeela.

Orobat, jatorrizko hizkuntzan erroen eta esanahiaren arteko erlazioa ez zela arbitrarioa, hots, erroek berezko esanahia zutela (cf. Mounin, 1983: 181).